XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da, noski, orduerdirako lana, baina esan nahi nizueke hitz pare bat.

Pentsatzen dudana mihian bilorik gabe azalduko dizuet: nire liburuaren kateamendu logikoak akats handirik ez badu, gizateriaren problematika latz osoa aska dezakeen baliabidea geure esku daukagu.

Baliabide hori arrazoiaren indarra dugu.

Arrazoiaren indarra?... Bai, bai, hori esan dut.

Gure mundu madarikatua konpontzeko, arrazoiaren indarra indar eskasa dela esango dizu edonork, badakit.

Zuk ere, ziur aski, horixe pentsatu duzu.

Baina arestiongoa errepikatuko dizut: alor hau inork jorratu gabekoa dela.

Ez UEU-k, ez UPV-k, ez beste inongo unibertsitatek...... inork ez du sekula metodikoki eta sakonki estudiatu gizarte-harreman praktikoetan arrazoiaren indarra noraino irits litekeen.

Milioika liburu kaleratzen da munduan urtero, baina gai hori benetan aztertu duenik bat ere ez duzue aurkituko.

Gaia gai, munduaren konponketa baino gai inportanteagorik ez dago.

Eta, halere, arrazoiaren bitartezko mundu-konpontzearen gaia inork ere ez du lantzen.

Zergatik ote da? Zio gogorren bat bide dabil hor tartean: zer ote da?.

Badakidala uste dut: alegia, mundu-konponketari buruz arrazoiak pairatzen duen ezina, bista-bistako gauza ebidentetzat jotzen duela jende guztiak.

Eta, jakina, gauza ebidente-ebidentea sakonki estudiatzen ez da hasiko inor.

Adibidez, UEU-ko zientzigizonak ez dira Iruñean elkartu Urumea ibaiak itsasora daraman likidoa esnea ala ura den ikertzera.

Baina, aizu, hain ebidenteki ikusten al da arrazoiaren indarrez mundua ezin konpon daitekeela?.

Urumeak daramana esnea ez dela bezain ziur al dakigu, jakin, arrazoiak ezin gida ditzakeela gizarte-harremanak? Arras konplexua da mundu-konponketaren arazoa.

Konplexutasun zorabiatzailea dago hor.

Beraz, nolatan baieztu liteke arrazoiaren ezin hori ebidentea denik?.

Hor ebidentziarik dakusanari, eta ondorioz arrazoiaren ahalmen-mugak estudiatu beharrik ez dagoela dioenari, erdiz-erdi hutsegiten duela erantzungo nioke nik.

Inportanteena izanik, inork estudiatu ez duen gai hori nik behar bezala jorratu dudanik ez pentsa gero!.

Ez nuke horrelakorik iradoki nahi.

Nire liburu horretan azala urratzea besterik ez dut egin.

Baina, hori bai, liburuko argudioetan okerrik dagoela ikustarazten ez didatelako, arrazoiaren ezina ebidentea dela eta, problema horrek ezer estudiagarririk ez daukala pentsatzea, inhibizio tamal kaltegarria dela esan dut, diot, eta esanen dut.

Azal-urratze horren berri zertxobait esplikatuko al dizuet? Gura baduzue, gaurko tertulia filosofiko honetan ahalik eta puntu konkretu batzu uki ditzakegu.

Hala nola: Zer kondiziotan balia gintezke arrazoiaren indarrez? Arrazoiaren ezina erabatekoa eta absolutua al dugu? Ala, mugatua izanik ere, lor lezake zerbait gizarte-arazoetan?.

Arrazoiaren ezina erabatekoa eta absolutua ez dela nabari dago.

Matematikaren eremuak edo zientzia positiboaren eremuan ez ezik, baita gizartearen bizikidetzako harremanetan ere.

Arrazoiak argi eta garbi mundu guztiarentzat komeni den zerbait aurkitzen duenean, arrazoi hori baliabide suertatu ohi da.

Elkar dezagun adibide bakar bat: semaforo gorria arrisku-sinbolo gisa mundu zabalean onartu da, halaxe hartzea arrazoizkoa delako.

Horra nola ez den erabatekoa eta absolutua arrazoiaren ezina.

Baina, absolutua ez bada, ezin hori non hasten den eta non bukatzen den ikertu egin behar genuke.

Arrazoiaren ezina ebidentea dela eta, beste gabe bertan behera uzteke, ikerketa sakonik egitea ez al da bidezkoa?.